Deriok 7,5 milioi euroko aurrekontuak onartu ditu 2018rako

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 26a, 10:25

Aurrekontuak joan den otsailaren 6ko bilkuran onartu zituzten. EAJ ete PSE alderdietako zinegotziek aldeko botoa eman zuten (9), eta EH Bilduko lau ordezkariak abstenitu egin ziren. Guztira 7,5 milioi euroko aurrekontua egongo da aurten, iaz baino 400.000 euro gehiago.

Esther Apraiz Derioko alkateak EAJ eta PSE alderdien artean dagoen Gobernagarritasunerako Akordioa nabarmendu du. “Deriori egonkortasun ekonomikoa ematen jarraitzen baitio eta Udalak egungo legealdirako ezarritako helburuak bete ahal izatea ahalbidetzen baitu”. Akordio horren emaitza aurten, besteak beste, Unbe kalea eraberrituko da eta Nagusien Etxeari buruzko azterlana egingo da. 

Gobernu taldetik adierazi dute aurrekontuen lehentasuna ekonomiaren garapena, eta kultur eta gizarte politikak direla. Era berean, 2017an derioztarrek egindako hainbat proposamen daude aurrekontuetan sartuta. Bestetik, esan dute aurrekontuak negoziatzeko prozesua alderdi politiko guztientzat zabalik egon dela. Horren adibide “EH Bildurekin erdietsitako akordioak. Alde batetik, Derio eta Loiu lotzen dituen errepidea galtzadatzeko konpromisoa; eta bestetik, Mankomunitateari eskualde mailan musika eskola bat eraikitzeko aukera ikertzeko eskatzea”.

Sailka hala banatuko da dirua: diru-laguntzak eta hitzarmenak,  2.687.518  euro; Ogasun eta aurrekontuak, 280.866 euro; Giza baliabideen kudeaketa eta antolakuntza, 1.771.695 euro; Hirigintza, Etxebizitza, Ingurumena eta Obrak eta Zerbitzuak, 2.437.648 euro; Gardentasuna, Parte-hartzea eta Arreta: 132.736 euro; Kirola, 592.575 euro; Kultura eta Euskara, 1.212.590  euro; Hezkuntza, Enplegu eta Sustapen Ekonomikoa, 441.983 euro, Gazteak eta Jaiak, 235.970 euro; DUK, 470. 692 euro.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).