Sorpresakaz eta nobedadeakaz datoz sanisidroak

a: Aner Mentxaka 2018ko mai. 8a, 10:26

Aurreko urteetakoen moduan, herritik eginak eta herriarentzat izango dira aurten be San Isidro Derioko jaiak. Holan ba, San Isidro jai batzordeak adin guztientzako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu dabez maiatzaren 11tik 15era bitarterako. Euskerea, kultura eta parekidetasuna euki dabez kontuan jaiak antolatzeko orduan.

Era berean, eta urtero legez, herriko alkarteen laguntzea be eukiko dabe jaiek irauten daben egunetan. “Sutondoan, Subyke, Derioko Elikagaien Alkartea, Odol Argia, Gure Señeak, Lainomendi, Derioko Argazki Taldea, Piperdun... eta askoz gehiagok lagunduko dabe asteburuan egingo diran ekintzetan”. 

Pregoia Sutondoan alkarteko emakumeek botako dabe barikuan. “Hogeta bost urte bete dabez eta data berezi hau atxaki hartu dogu, hainbeste urtean herrian egin daben lana goraipatzeko”. Abesbatzen kontzertua be izango da bariku arratsaldean, eleizan, eta jai-guneko agertokian honeek arituko dira 22:00etatik aurrera: Hardcore.exe, Humuss eta Willis Drummond. Batek Daki erromeria taldeak amaiera emongo deutso gauari.

Jai tropikala erakargarri bat izan da aurreko urteetan, baina jai-batzordetik adierazo daben moduan, aurten ez da egingo. “Formatua aldatu egingo dogu eta apaingarri barri zein sorpresa asko egongo dira”. Koadrilen arteko txapelketearen formatua be barritu egingo da. “Esate baterako, probak egongo dira gauean, eta zapatuan tortilla txapelketea egingo da. Gainera, txapelketan parte hartu ahal izateko, ez da beharrezkoa koadrila baten partaidea izatea; irekia izango da”.

Herri bazkaria domekan egiten izan dabe azken urteotan, baina aitatutako tortilla txapelketaren harira, zapaturako be antolatu dabe herri bazkaria. Bazkalostean, jokoak egongo dira eta Lainomendi dantza taldeak be eskiniko dau ekitaldia. “Gainera, arratsaldeko pintxopotean karaoke ibiltari bat eukiko dogu, kalea alaitzeko”. Kontzertuak honeen kontura izango dira: Buruto, Bultz!, Hesian eta Dj Markelin. 

 

Apainketa berezia

Domeka goizean, Elikagai eta Eskulangintza azokea egingo da 23. aldiz, eta arratsaldean Bizkaiko 4 1/2 txapelketearen finalak izango dira. Bocabeats taldeak umorezko ikuskizuna eskeiniko dabe; eta Piperdun taldekoek, flamenko eta sevillanen ekitaldia. Egun nagusia martitzenean izango da, eta bezperako herritar guztiei zuzendutako kale antzerki bat antolatu da. Azkenik, martitzenean, San Isidro egunean, marrazki lehiaketea, umeentzako eta gazteentzako ekintzak, disko festea eta txokolatadea egongo dira.

Jai-guneari jagokonez, eta jai-batzordetik esan deuskuenaren arabera, ekintzak herriguneko eremu ezberdinetan egingo dira. Halanda be, gune nagusia txosnagunea izango da eta txosnak modu berezi baten apainduko dabez aurtengo jaietan.

Jai-egitaraua

Maiatzak 11, barikua

19:00 Pregoia eta txitxi-burruntzia. Castellsak, txaranga eta buruhandiak.

20:00 Udabarriko kontzertua, San Isidro eleizan: Ipar-Alde (Derio), Gaztelumendi (Larrabetzu) eta Lirain Txiki (Gorliz).

20:00 Txosnagunera txarangagaz igotea eta txosnak irekitzea.

22:00 Kontzertuak: Hardcore.exe + Humuss + Willis Drummond + Batek Daki.

 

Maiatzak 12, zapatua

12:30 Mugi Zaitez disko festea.

14:30 Tortilla txapelketea.

Ostean, herri bazkaria.

Bazkalostean, jokoak.

18:00 Lainomendi dantza taldearen ekitaldia.

19:00 Pintxopotea, karaoke ibiltaria eta buruhandiak.

22:00 Kontzertuak: Buruto + Bultz! + Hesian + Dj Markelin.

 

Maiatzak 13, domeka

11:00-15:00 XXIII. Elikagai eta Eskulangintza azokea.

15:00 Herri bazkaria (Sukalkia).

Bazkalostean, bingoa.

16:30 Bizkaiko 4 1/2 txapelketea. Finalak. Kopa Derio.

17:00 Bocabeats Comedia.

18:30 Piperdun taldearen emonaldia.

19:00 Txitxarrilloa.

 

Maiatzak 14, astelehena

19:00 Kale antzerkia: Funes Van (The Funes Troup).

 

Maiatzak 15, martitzena

11:30 Marrazki lehiaketea.

11:30-13:30 Umeen eta gazteen ekintzak.

12:30 Mezea, San Isidro eleizan.

13:00 Biribilketea.

16:00-19:00 Umeen eta gazteen ekintzak.

19:00 Disko festea, Xaiborregaz.

20:30 Txokolatadea.

21:00 Jai amaierea.

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).