Euskaraldia maiatzaren 31n aurkeztuko dute Derion

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 14a, 12:21

Egitasmoak hizkuntza ohituretan eragitea du helburu eta Euskal Herriko hainbat herritan ipini da martxan. Euskaraldiaren berri asteburu honetan eman dute San Isidro jaietan, Derion. Bertan maiatzaren 31n, 19:00etan, Kultur Birikan egingo den aurkezpen-ekitaldian parte hartzeko gonbitea egin diete derioztarrei

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren 16 urtetik gorako herritarrak izango dira ekimeneko protagonistak, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskararen erabilera bultzatzeko. Herritarrak Ahobizi edo Belarriprest izango dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira, baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.

Besteak beste, hauek daude ekimenaren sustatzaileen artean: AEK, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elhuyar, Elkar Fundazioa, Eudel, Eusko Ikaskuntza, Herri Elkargoa, Hizkuntza Eskubideen Behatokia, Irrien lagunak, Tokikom eta UEU. Dinamika gure bailaran martxan jartzeko, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea, euskara elkarteak eta gainontzeko eragileak arituko dira elkarlanean.