Euskaraldia aurkeztu zuten atzo Derion

t: Derioko Euskaraldia / a: Oihane Goienetxe 2018ko eka. 1a, 10:03

Aurkezpena Kultur Birikan izan zen eta hara hainbat derioztar batu ziren. Iaz Derion Ahora egitasmoa egin zen eta Aitor Duran derioztarrak egitasmo horren daturik esanguratsuenak aletu zituen jendaurrean. Horren ostean, Txerra Rodriguezek aurkeztu egin zuen aurten Euskaraldirako Derion dauden asmo nagusiak, baita hurrengo hilabeteetarako kronograma ere.

Horren harira, aipatu egin zen aurtengoa ariketa soziala dela, 11 egunekoa eta garrantzitsuena dela ahobizi eta belarriprest arituko diren pertsonek euren rolean barneratzea eta 11 egun horietan hartutako konpromisoak neurriz betetzea.

Ostean, Derioko hamaikakoa aurkeztu zuten. Hamaika kide horiek Euskaraldiko enbaxadoreak dira eta euren ingurunea prestatzeko konpromisoa hartu dute. Zentzu horretan, hamaikako kide bakoitzak beste hamaika kide bilatzeko ahalegina egingo du. Hamaikako norbanako horiek herriko hainbat sektoretakoak dira, tabernariak, zinegotziak, irakasleak… Hauek dira hamaikako kideak: Ixone Urrutikoetxea, Raul Perez, Eider Lago, Olatz Santiago, Alaitz Pinedo, Fernando Larrondo, Byron Zurdo, Raquel Gomez, Vero Cantero, Eider Palmou eta Juan Miguel Atxutegi.