“Azkenean beste bide batetik eutsi diogu mailari. Gure atzetik, talde bi baino ez ziren gelditu eta azkenengo laurok jaitsi ginen. Horietako lehenengoak, 13. postuan bukatu zuenak, Paudarrak B taldeak, ezin izan zuen Arizmendiren lekua hartu bere talde nagusia, Pauldarrak A, gure mailara jaitsi zelako. Beraz, guk hartu dugu hori leku hori eta poz-pozik gaude”, esan digu Ainhoa Gana Derio taldeko jokalariak.
Urte gogorra izan da Derio neskentzat. Ligako 30 partidetatik sei baino ez dituzte irabazi. Gainera, jokalari askok hartu dute min denboraldian. “Lesio larriak eta luzeak izan dira eta, horregatik, jokalari garrantzitsu batzuek ezin izan dute hainbat partidatan jokatu. Jokalari guztiak egon garenean, maila ona erakutsi dugu eta ez gara arerioak baino okerrago ibili. Emaitzak ez dira lanarekin bat etorri. Alde horretatik, zorte txarra izan dugu, baina bestetik, azkenean, zorte ona izan dugu (kar, kar)”.
Patuak beste aukera bat eman die Derioko neskei eta hori datorren urtean aprobetxatu nahi dute. “Taldea antzekoa izango da, agian apur bat gazteagoa, jokalari beterano batzuek futbolean jokatzeari utziko diotelako. Tamalez, datorren denboraldian ez da Derio B talderik egongo, neska nahikorik bertan ez dagoelako. Beraz, indarra talde nagusiari eman nahi diogu, ia behintzat Liga erdiko postuetan bukatzen dugun”.