Sara Macarrilla eta Mikel Eguía dantzariak, Espainiako txapeldunordeak

Aikor aldizkaria 2018ko eka. 25a, 14:53

Sara Macarrilla eta Mikel Eguia Derioko dantzariek bigarren postua lortu dute Espainiako Dantza latindarren txapelketan. Txapelketa asteburu honetan, ekainaren 23an, izan da Ourensen. 

“Irabazi nahi genuen, noski, beste lehiakide guztiek moduan, baina bigarren postua ere badago oso ondo. Oso pozik gaude, izan ere aurreko txapelketetan irabazi diguten bikoteei lehendabizi irabazi egin diegu. Gogor entrenatzen dugu eta bigarren postua gozoa da”, esan digu Sarak.

Espainiako Dantza latindar txapelketa Estatu mailako garrantzitsuenetariko bat da, dantza estandar eta 10 dantzen txapelketekin batera. Parte-hartzaileek bost dantza latindar egin behar dituzte –sanba, txa- txa- txa, runba/boleroa, pasodoblea eta jive-a–. “Txapelketa oso laburra eta bizia da, bakarrik 7-8 minutuko saioa delako, minutu eta piku dantza bakoitzeko. Parte-hartzaileok denok batera egiten dugu dantza eta  bitartean epai-mahaikideek notak jartzen dizkigute”.  

Garaipenari esker, bikote derioztarrak puntuak eta garaikurra irabazi ditu. Eta puntuen arabera, mailak antolatzen dira. “Gu Nazional A mailan sartzen gara lehian eta hurrengora egin nahi dugu salto, nazioarte A mailara, alegia”. Mikeli eta Sarari denboraldia bukatu zaie, baina hurrengoa, irailetik aurrera, aurtengoa bezain gogor prestatuko dute; esate baterako, uztailean master class batera joango dira Santanderrera.