21.000 lagun sartu dira udan Derioko udal igerilekuetara, iaz baino % 11 gehiago

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 1a, 12:13

Uda bukatu da eta Derioko Udalak igerilekuen emaitza aztertu du. Igerilekuak ekainaren 10ean ireki eta irailaren 9an itxi ziren eta tarte horretan 21.273 lagun sartu ziren bertara, iaz baino % 11 gehiago.

Udan hainbat ekintza egin dira igerilekuetan, esate baterako, Eivissako Jaia, 60. hamarkadako Jaia eta Denboraldi amaierako Jaia. Era berean, Udaleko Gazteria sailak Jai Tropikala antolatu zuen Gazteko kideekin batera. Udako denboraldia hasi baino lehen, Udalak txukunketa batzuk egin zituen igerilekuetan: ontzietan, azulejuen junturetan, inguruko hesian, aldageletan... Gainera, kirol eta aisiarako materiala ere eraberritu zen, batez ere txikienei zuzenduta: txirrista, kulunka eta flotagailuak.

Denboraldi honetan, bezero batzuk kexatu dira dutxek presio txikia zutelako. Arduraduna Ur Partzuergoa da, igerilekuetako ura horrek eskaintzen duen saretik datorrelako eta Partzuergoak presioa murriztu duelako, sarean arazoak ekiditeko. Datorren urteari begira, Udalak iragarri du arazoa konponduko dela. Izan ere, makina-gelan presio-talde bat ezarriko da eta igerilekuetako oinak garbitzeko putzuetako dutxak aldatuko dira. Horren aurrekontua 8.000 eurokoa izango da.

Beste alde batetik, Udalak mantentze-lanak eta hobetzeko obra txikiak egin ditu udan, udal kiroldegian eta futbol zelaian. Seinaleak hobetu dira eta, nobedade gisa, kirol jardueren gelan tatami berri bat jarri da; eta aldageletan, banako lehorgailuen sistema berri bat.