Gorka 2011n hasi zen egurra lantzen eta dagoneko 200 lan egin ditu. Taillen munduan bere bilobagatik, Oihanengatik, sartu zen. “Jaio zenean, ikusi nuen lehen aldian, ferekatu nuen eta berak atzamarretik heldu zidan. Beste eskuarekin argazkia atera nuen, baina pentsatu nuen momentu hori beste modu batean gorde behar nuela, eta tailla bat egiteari ekin nion”. Handik hona 200 lan inguru egin ditu. “Liluratuta nauka zaletasunak, entretenitzen naizelako eta, tailak nahiko ondo ateratzen zitzaizkidanez, animatu egiten naizelako”.
Azaldu dugun moduan, intxaurrondoren zura erabiltzen du lan egiteko, eta Baserri Antzokira hurbiltzen denak, besteak beste, hauek topatuko ditu bertan: familiaren erretratuak, eguzki-loreak, dimentsio handiko sardina-saltzaile bat eta arrantzaleen lana adierazten duten taillak. Gorka lanean ikusteko aukera ere edukiko du.