Gure Señeak elkartearen Eguna, martxoaren 3an

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 11a, 13:44

Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna otsailaren 28an ospatzen da. Horren haritik, Gure Señeak elkarteak martxoaren 3an egingo du Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketa, zortzigarren aldiz, Derion. Gainera, goizean umeentzako tailerrak eta jolasak antolatuko dira Kulki kirolaren eskutik, Sollube kalean.

Herri-lasterketan izena emateko epea zabalik dago. Horretarako hiru aukera daude: Derioko kiroldegian; www.gureseñeak.org webgunean; eta lasterketa egunean bertan. Izen-ematea doakoa da. “Iaz 500 lagunek hartu zuten parte, baina eguraldi ona egiten badu, jende gehiago etortzea espero dugu. Era batean edo bestean, giroa egongo da”, esan digute antolatzaileek.

Aurten ez dago jai-egunean nobedade handirik, baina omenaldia egin nahi diete Ibon Iza eta Tubi Bustinzari. “Gabonetan, elkartasun-eguna antolatu zuten Diman, bigarren aldiz, eta bertan batutako dirua guri eta Ondarruko elkarte bati eman ziguten. Guztira 7.000 euro jaso genuen eta hori jendaurrean, lasterketa egunean, eskertu nahi diegu”.

Umeek 10:30ean hasiko dute lasterketa Derioko Udaletxearen aurrean. Ibilbide laburra izango da, kilometro batekoa, eta parte-hartzaileak herriko kaleetatik ibiliko dira. Helmuga Udaletxearen plazan ere jarriko dute. Leku berean hasi eta bukatuko da nagusien lasterketa-martxa, baina horiek umeen ostean arituko dira, 11:00etatik aurrera. Nagusiek zortzi kilometroko ibilbidea egingo dute Deriotik. Antolatzaileek ibilbide erdia egiteko aukera ere eskainiko dute. Lasterketak bukatzen direnean, korrikalariek talo eta txorizoa jan ahal izango dituzte txosnan, 13:00etatik aurrera. Azkenik, Arratiako Kantu Bat Gara taldeak kontzertua eskainiko du.

Gure Señeak irabazteko asmorik gabeko elkartea 2010ean sortu zen, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta haien familiei laguntza eta babesa emateko. Elkartetik adierazi duten moduan, gaur egun Derion badaude 11 familia elkarteari lotuta daudenak. Familia horien seme-alabek gaixotasun-espektro zabala dute, hala nola Esklerosi tuberkuluduna, Angelman sindromea, Proud Levine Carpenter sindromea, fibrosi kistikoa, garun-paralisia eta autismoa. Elkartea erreferente bihurtu da herrian, eta urtean zehar antolatzen dituzten kontzientziazio-ekintzen artean Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketa da azpimarratzekoa. Anai-arrebak gaixotasun arraro baten ondorioz hil ziren eta lasterketak umeak gogora ekartzea du helburu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).