Giro ederra, Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketan

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 4a, 11:43

Gure Señeak elkarteak Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketa antolatu zuen atzo, Derion, zortzigarren aldiz. “Guztira, 540 lagunek hartu zuten parte lasterketetan. Jende asko etorri zen eta giro ederra egon zen egun osoan. Oso pozik gaude”, esan digute antolatzaileek. 

Aurten, omenaldia egin diete Ibon Iza eta Tubi Bustinzari. “Gabonetan, elkartasun-eguna antolatu zuten Diman, bigarren aldiz, eta bertan batutako diruaren zati bat guri eman ziguten. Guztira 7.000 euro jaso genuen eta hori jendaurrean eskertu nahi izan diegu”. Omenalditik aparte, lasterketak egin ziren, bai umeentzat, bai nagusientzat. “Parte-hartzaileek esaten digutenaren arabera, ibilbidea oso polita izan ohi da. Haiek ere badabiltza pozik, beraz”. Gainera, goizean umeentzako jolasak eta tailerrak egin ziren. Lasterketak bukatu zirenean, korrikalariek hamaiketakoa hartu zuten antolatzaileek atondutako karpa batean.

Lasterketa bidea da gaixotasun arraroak agerian uzteko. Izan ere, Derioko familia batzuek gaixotasun arraroren bat pairatzen dute. Familia horien seme-alabek gaixotasun-espektro zabala dute, hala nola Esklerosi tuberkuluduna, Angelman sindromea, Proud Levine Carpenter sindromea, fibrosi kistikoa, garun-paralisia eta autismoa. Kepa eta Arene anai-arrebak gaixotasun arraro baten ondorioz hil ziren eta lasterketak umeak gogora ekartzea du helburu. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).