Derioko Udalak 747.000 euro inguru ipiniko ditu, Unbe kalea berrurbanizatzeko

Aikor aldizkaria 2019ko api. 8a, 10:21

Udalak jakinarazi duenez, berrurbanizatze-lanak hasi baino lehen, beste hobekuntza batzuk egingo dituzte inguruetan. Horrela, bada, sarrera berri bat egingo da kiroldegian: sarrera eraikinaren albo batera ipiniko da, eraikinarekiko paralelo dagoen eta Unbe kalea eta Arantzazu kalea lotzen dituen bide-tartean. 

Era berean, oinezkoentzako pasabide goratu berria atonduko da Gernikako Arbola etorbidean; kale horren eta Arantzazu kalearen arteko bidegurutzearen albo batean, hain zuzen ere. Azkenik, Arantzazu kalea eta Gernika Arbola etorbidea lotzen dituen L-itxurako bidean aldatuko da zirkulazioaren noranzkoa. Azaldutakoaren arabera, modu horretan erraztuko da autoak kiroldegiaren aurreko aparkalekura sartzea eta handik ateratzea.

Lehen esan moduan, lan horiek egin ostean hasiko da Unbe kale osoa berrurbanizatzen. Obrak Belako enpresak egingo ditu, eta Udalak orotara 746.816 euro ipiniko ditu lanotan. Derioko Udalak espero du berrurbanizatze-lanak urtearen amaieran hastea eta zortzi asteren buruan amaituta egotea.