Derioko Udalak herriko argiteria hobetuko du

Aikor aldizkaria 2019ko api. 15a, 11:08

Derioko Udalak 127.000 euro gastatuko ditu herriko argiak hobetzeko. Udalak helburu bi beteko ditu: batetik, herritarren segurtasuna are gehiago bermatzea; eta bestetik, argiteria publiko eraginkor eta ekologikoago baten aldeko apustua egitea. “Era berean, diru asko aurreztu ahal izango da energia-gastuari dagokionez”, iragarri dute Derioko agintariek prentsa-ohar batean.

Guztira, 19 lekutan egingo dituzte hobekuntzak: 17tan, eraginkortasun energetikoa eta argiztapen maila hobetuko dira; gainontzeko bietan, argi berriak jarriko dira. 

Argi puntu berriak hainbat lekutan jarriko dira: Maurikobaso bidean eta Doneztebe bidean; Txorierriko Etorbidean, Institutu ondoan dagoen autobus geltokian; Uribe Parkeko (Piraten Itsasontzia) umeentzako jolas gunean; eta San Migel plazan. Era berean, Udalak erantzun die aurrekontu parte hartzaileen prozesuan jasotako herritarren proposamenei eta, horren haritik, argi berriak jarriko dira oinezko pasabide hauetan: Mungialde Etorbidean; Uribe kalean; eta Errementariñeren eta Aldekone Goikoaren bitartean dauden pasabideetan. Azkenik, argiak leku hauetan ordezkatuko dira: futbol zelaiaren Larrabarriko sarreran, baserri batzuen sarbideetako bidegurutzeetan eta Ganbeko hariztian.