Barikuan, 16 musika talde arituko dira “Parkea Musik Fest” jaialdian

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 4a, 11:51

Ekainaren 7an, “Parkea Musik Fest” jaialdia egingo da Txorierriko Baserri Antzokian, Derion. Egitasmoa Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak antolatu du, eta bertan 16 musika taldek hartuko dute parte. Jaialdira edonor hurbildu daiteke musikaz gozatzera. Jatekoak, edaria eta zozketak ere egongo dira.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak “Erronka bat Parkearentzat” lehiaketa antolatzen du urtero, eta ideia berritzailerik onenak saritzen ditu. “Parkea Musik Fest” egitasmoak lehiaketa irabazi, eta aurten hirugarren aldiz egingo da. “Helburuak dira, modu ludikoan, jendeak elkar ezagutzea sustatzea eta bakoitzak egiten duena elkarbanatzea. Era berean, adierazi nahi dugu artea eta kultura eta zientzia eta teknologia ez direla antagonistak, baizik eta dena kultura dela”, azaldu du Xabier Diaz Silvestrek. Hori Bizkaiko Zientzia eta Teknologiaren Parkeko Lankidetza eta Zerbitzuen arduraduna da.

“Parkea Music Fest” festibala ekainaren 7an, barikuan, izango da Baserri Antzokian. Aurreikuspenaren arabera, kontzertuak 14:00etan hasiko dira. Agertoki bi ipiniko dira –bata, Baserri Antzokiaren kanpoaldean; eta bestea, barrualdean– eta talde bakoitzak 20 minutuko saioa eskainiko du. Talde eta musikari hauek joko dute: Kevin Portune, Carlos Tego, Bilongo Latin Trio, Rockopop Park, Gorka Endaya, Bordeline, Part Time Job, The Timpanos, Daniel Guantes, El Viejo Chimango, Desert Tracks, Red Night Man, Winterafter, Red Cocodrile, Rojo Nieve eta Old Skull. Hainbat musika estilotako taldeak eta musikariak dira, hala nola hard rocka eta popa, eta gehienak talde amateurrak dira; hala ere, diskoa grabatu dutenak ere badaude, esaterako, Rojo Nieve taldea. Agertokian ibili ahal izateko baldintza bakarra egon da: gutxienez taldekideetako batek Euskadiko hiru parke teknologikoetako bateko langilea izan behar du. Horri lotuta, aipatu beharra dago aurreko edizioetan, guztira, 17 musika taldek egin zutela bat egitasmoarekin, eta, gainera, talde horietako batzuk jaialdirako apropos sortu ziren; hau da, parkeetako langileak batu –bakoitzak musika-tresna bat jotzen zuela–, eta taldea osatu zuten.

Antolatzaileek bost euroko bonuak ipiniko dituzte salgai eta prezioaren barruan hiru txartel egongo dira: bi, edatekoa hartzeko; eta bestea, jatekoa hartzeko. Jatekoari dagokionez, zenbait aukera izango dira, adibidez, taloa txorizoarekin. Bonuak Euskadiko Parke Teknologikoen egoitzetan, Leioako Parke Zientifikoan eta Baserri Antzokian Bertan eskura daitezke. Bestalde, fotomatoia ipiniko da eta haurren gunea, kirol jarduerak, zozketak eta nekazaritza ekologiko postua egongo dira. Aurkezlea Iker Villa Revolta Permanent taldearen abeslaria ibiliko da.

Elkarlanean

Jaialdira parkeetako langileak ez ezik, edozein herritar ere joan daiteke. “Parkean dauden enpresen eta pertsonen zerbitzura gaude, baina hori baino lehen, gizarte osoaren zerbitzura. Txorierrin gaude eta, beraz, oso harreman zuzena eduki behar dugu bertako erakunde, elkarte, herritar eta eragileekin; eta gure ekitaldiek ere oso zabalak izan behar dute”. Lehenengo aldia da festibala Bizkaian egiten dena, eta antolatzaileak gogotsu dabiltza erronkari heltzen. “Erantzuna ona izaten saiatu behar dugu, eta horretarako, ditugun bitartekoak ipini”. Diazek bereziki azpimarratu du lotura egon behar dela teknologiaren eta kulturaren artean. “Zientzia eta teknologia ez dira bakarrik banaka batzuentzako gauza; gizarte osoaren zatia dira. Garena eraikitzeko, kultura, artea, hezkuntza… derrigorrezkoak diren heinean, zientzia eta teknologia ere badira derrigorrezkoak. Arlo horiek guztiek elkarlanean aritu behar dute, eta Baserri Antzokia, kultura azpiegitura dena, Parkean bertan dago; ez da kasualitatea. Parkea denon zerbitzura dago, eta honen  moduko ekitaldietan hazia ereiten da”. Zientzia eta Teknologiaren Parkean musika entzun dadila, beraz. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).