Natura, Derioko Argazki-lehiaketaren ardatza

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 23a, 14:11

Derioko Argazki Taldeak (DAT) Derioko Argazki-lehiaketa antolatu du 12. aldiz. Aurtengo gaia natura da eta lehiaketan argazkilaritzarako zaletasuna duen edonork hartu ahalko du parte. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahalko ditu, zuri-beltzean edo kolorean.

Lehiaketan izena emateak sei euro balio du, eta argazkiak urriaren 18ra arte bidali ahalko dira www.datfotoderio.com webgunearen bidez. Webgune horretan ere eskuragarri daude lehiaketaren oinarriak.

Orotara, 450 euro banatuko dira saritan, eta, gainera, lehiaketa baliagarria da 2019ko Argizaiola Sarirako: lehiaketa horren oinarrietan jaso duten moduan, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren lehenengo hiru sailkatuak gonbidatuko ditu Argizaiola lehiaketan parte hartzera.

Bestetik, Derioko Argazki-lehiaketaren sariak azaroaren 30ean banatuko dira Kultur Birikan, eta egun horretan ere inauguratuko da argazkirik onenak jasoko dituen erakusketa.