Derioko Udalak partaidetza-prozesua ipini du martxan, 2020ko aurrekontuak osatzeko

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 1a, 14:32

Adierazi duten moduan, partaidetzazko aurrekontuek herriko eguneroko kudeaketan parte hartzeko aukera eskaintzen diete derioztarrei; hau da, herritarrak udal kudeaketan inplikatzeko modu bat da. Horri lotuta, udalak 120.000 euro –iaz baino 60.000 euro gehiago– gorde ditu derioztarren eskaerei erantzuna emateko.

“Beste urte batez, Derioko Udalak herritarren hitza kontuan izan nahi du, datorren urteko kontuan aberasteko eta, horrela, derioztarren ardura eta interesei erantzuna emateko”, esan du Esther Apraiz alkateak. “Prozesu hau tresna baliotsua da udal kudeaketarako, izan ere, hari esker ezagutu dezakegu nolakoa den derioztarrek udalerrirako beharrezkoak diren proiektuei eta erronkei ematen dieten garrantzia”.

Partaidetza-prozesuan, Derion erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahalko du. Lehenengo eta behin, herritarren proposamenak batuko dira. Derioztarrek Gertuan herritarren arretarako zerbitzuan edo Kultur Birikan utzi ahalko dituzte proposamenak urriaren 17ra arte; horretarako, bertan topatuko duten formularioa bete beharko dute. Bestalde, internet bidez ere hartu ahalko da parte: www.deriokoudala.net webgunean dagoen formularioa online bete daiteke, edo inprimaki deskargatu eta e-mailez bidali partaidetza@deriokoudala.net helbide elektronikora.

Ondoren, eta azaroaren 18ra arte, proposamenen bideragarritasun teknikoa aztertuko da. Irizpide hauek hartuko dira kontuan: udal eskumena, bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, herritar guztien interesa, derioztarren bizi-kalitatea hobetzea eta udal zerbitzuak hobetzea. Onartutako proiektuak azaroaren 20tik 25era bitartean botatu ahalko dira udalaren webgunean, Gertuan zerbitzuan edo Kultur Birikan. Emaitzak abenduaren 5ean jakinaraziko dira bai udal webgunean, bai iragarki-taulan.

Udalak prozesuan parte hartzeko gonbidapena egin die herritarrei, “parte-hartze handia izan dadin eta guztionak diren udal aurrekontuak lortzeko”. Iaz, 53 proposamen egin ziren.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).