Ioritz Aurrekoetxea derioztarra, Estatuko txapeldunordea

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 23a, 13:37

Ioritz Aurrekotxeak bederatzi urte dauzka, baina aspalditik darama bike trial kirolean –oztopo handiak bizikletaz gainditzea– . Urriaren 20an, Estatuko indoor Txapelketa jokatu zen Reinosan (Kantabria), eta derioztarrak bigarren postua lortu zuen bertan. “Ioritzek oso maila altua erakutsi zuen txapelketan, ia akats bat ere egin gabe. Oso kontzentratuta egon zen”, esan digu aitak. 

Ioritzek oso emaitza onak lortu ditu aurten. Aitaren esanetan, datorren urtean zailagoa izango da, maila altuago batean arituko baita, 10-12 urteko gazteen kontra. “Pozik dago, baina lasai ere bai. Ondo pasatzea eta lagunekin ibiltzea da nahi duen gauza bakarra”. Euskal Herrian, Ioritz eskola-kirolean sartzen da lehian, eta hori Foru Aldundiaren ardura da. Aldundiak ez dio Ioritzi UCI lizentzia eman nahi, gazteegia delako, hala ere,  askotan, kanpoan jokatzen diren txapelketetan UCI lizentzia eskatzen diete parte-hartzaileei. Aurten, azkenean, Aldundiak baimena eman dio Ioritzi.

Bederatzi urte izan arren, derioztarrak gero eta eskarmentu handiagoa du. Txapeldunordea izan da indoor txapelketan, eta outdoor txapelketan ere fin dabil, momentuz hirugarren postuan dagoelako. Guztira, hiru saiok osatzen dute txapelketa, eta azkena bakarrik falta da. Hori azaroaren lehenengo astebururako antolatu da Katalunian. “Ez dakit hara joateko aukera izango dugun, baina tira…”. Udan beste saio garrantzitsu bat galdu zuen Ioritzek. “Espainiako Federazioak deitu zion Txekiara joateko, munduko txapelketara, baina ezin izan zen joan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).