Ismene Pico derioztarrak brontzezko domina lortu du Espainiako Taekwondo Txapelketan

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 10a, 15:17

Lehengo asteburuan, Espainiako Taekwondo Txapelketa egin zen Alacanten. Ismene Pico derioztar gazteak finalerdian galdu zuen eta brontzezko domina ekarri zuen etxera, 59 kilo baino gehiagoko kadete kategorian.

Pico Doyan Gimnasioan dabil eta talde horren babespean hartu zuen parte Estatuko kirol elkarteen txapelketan. Txapela irabazteko, bost borroka irabazi behar ziren, baina 14 urteko derioztarrak laugarrenean egin zuen porrot, Cubelles taldeko Mariona Benito kataluniarraren kontra. “Oso borroka orekatua izan zen eta horregatik gaude apur bat etsituta. Gainera, bere onena ez zuen erakutsi. Dena dela, Ismene etorkizun handiko borrokalaria da”, esan digu Rosa Fraguas neskaren izekoak eta entrenatzaileak. 

Taekwondolariak urte polita egin du. Uztailean, euskal selekzioarekin hartu zuen parte Espainiako txapelketan eta orduan ere hirugarren postuan bukatu zuen lehia. “Ismene neska altua da eta azkar hazi denez, batzuetan kostatzen zaio bere altuerara egokitzea. Badirudi orain bere gorputza hobeto menperatzen duela eta maila ona dabil erakusten. Datorren urtean, kadete maila utziko du eta gazte mailan ibiliko da”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).