Gure Señeak elkartea

Hamar urte aukera baten bila

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 31a, 12:29

Gure Señeak irabazteko asmorik gabeko elkartea 2010ean sortu zen Derion, gaixotasun arraroak dituzten umeei eta haien familiei laguntza eta babesa emateko. Aurten, beraz, hamar urte beteko ditu eta horren harira hainbat ekintza antolatuko ditu. Era berean, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna otsailaren 29an ospatuko da aurten eta horrekin bat egingo dute elkartekoek.

Ekitaldiak otsailaren 19an hasiko dira. Gure Señeak elkartekoek urteurrena aurkeztuko dute Kultur Birikan, Derion, 19:00etan. Ekintza horretan, Bizipoza elkarteak Gure Señeak elkarteari buruz ekoiztutako docuweba ikusiko da lehendabiziko aldiz. Gainera, “Gure Señeak, 10 urte aukera baten bila” erakusketa inauguratuko da. Erakusketa martxoaren 1era arte egongo da ikusgai.

Egun batzuk beranduago, otsailaren 23an, “Gure Señeak Eguna” antolatuko dute. Goizean, oholtza bat jarriko dute Sollube kalean, Derion, Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Eta bertan batuko dira Kepa eta Arene anai-arreben oroimenezko lasterketaren parte-hartzaileak. Aurten, zortzigarren aldiz egingo da lasterketa eta iaz 500 lagunek hartu zuten parte han.

Azkenik, martxoaren 1ean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailasoek Bizi Dantza ikuskizuna eskainiko dute Derioko kiroldegian, 12:00etan, Lainomendi dantza taldearen laguntzarekin.