Deriok Kudeaketa Plana apirilean aurkeztea aurreikusi du

Aikor aldizkaria 2020ko ots. 14a, 13:09

Derioko Udala 2019-2023 Kudeaketa Planari azken ukituak ematen dabil eta aurreikusi du haren xehetasunak apirilean aurkeztuko dituela, hilaren 5eko hauteskundeen ondoren. Aurreratu dutenez, egungo testuingurura egokitutako dokumentua da, momentuko beharrizanei erantzuten diena eta legealdiko lehentasunik garrantzitsuenak jasotzen dituena.  

Plana alkatetza dabil zuzentzen, eta udaleko sail ezberdinetako politikariek eta teknikariek osatutako lantalde bat sortu da hura garatzeko. “Gure ibilbide-orria izango da, hau da, legealdian gure eginbeharrak jasoko dituen dokumentua”, esan du Esther Apraiz alkateak. “Azken hilabeteotan plana garatzen gabiltza eta bertan hurrengo hiru urteetan martxan ipiniko diren ekintzak jaso ditugu, guztion artean Derio hobea eraikitzeko. Planak lagunduko digu modu planifikatuagoan lan egiten eta gaur egungo beharrizanei zein etorkizuneko erronkei modu eraginkorrean erantzuteko”. Apraizek gogora ekarri du dokumentuak herritarrek partaidetza bidezko prozesuetan egindako ekarpenak ere batzen dituela.

Bestalde, dokumentuak jasotzen dituen aldaketa adierazgarrienetako bat da udalaren antolaketa berregituratuko dela. Horrela, “sailen arteko zeharkakotasuna optimizatzeko eta udalaren funtzionamendua hobetzeko”, informazio-batzordeak hiru sail handitan sailkatuko dira: Herritarrak, Lurraldea eta Antolakuntza. Azaldu dutenez, Kudeaketa Plana uneoro berrikusi ahalko da, eta bertan jasotako ekintzen eta proiektuen betetze-maila batzordeen bidez neurtuko da. “Guztiei egin ahalko zaie jarraipena, eta, gardentasuna oinarri izanik, udal-gobernuaren lana modu sakonagoan kontrolatu ahalko da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).