Derioko Udalak Haurren Hirien Sarearekin egin du bat

Aikor aldizkaria 2020ko mar. 9a, 08:43

Sarea Francesco Tonucciren La citta dei bambini egitasmoari lotuta dago, eta umeen ikuspuntutik abiatuta herriak aldatzea du helburu, ikaskuntza osasungarria, parte-hartzailea eta inklusiboa ardaztzat duten inguruneak sortzeko.

Horren harira, udalak lehenengo urratsa egin du eta Umeen Kontseilua eratu du. Kontseilua lehen hezkuntzako 4. eta 5. mailetako 19 umek eta udal-ordezkariek osatzen dute, herriko umeen eta udalaren arteko harremana hobetzeko asmoz. Lehen bilera otsailaren 28an egin zuten. Bileraren aurretik, Esther Apraiz Derioko alkatea umeen gurasoekin batu zen, eta egitasmoaren helburuak azaltzeaz gainera, kontseiluaren batzarretan aztertuko diren gaiak zehaztu zituzten. Horri lotuta, udalak gogora ekarri du dagoeneko kontseiluarekin Lagunekin eskolara proiektua jorratzen dabiltzala.  

Umeen kontseilua hilabeterik behin bilduko da Larrabarri baserrian, eta beharrezkoa izanez gero, teknikariek eta politikariek ere hartuko dute parte bileretan.