Ur-parkea eraikiko dute Derion

Aikor aldizkaria 2020ko api. 24a, 17:11

Udalak prentsa-ohar baten bidez azaldu duenez, uretako jolasak gozatzeko gune dinamikoa eta sakonerarik gabekoa izango da, eta elementu egokituak izango ditu adin guztietako herritarren segurtasuna bermatzeko. Lanak datorren astelehenean, apirilak 27, hasiko dira eta aurreikusi da zazpi aste iraungo dituztela. Udalak 189.751 euro ipini ditu beharretan, eta lanak Arrizabal Elkartea enpresak egingo ditu.

“Iaz, kreditu-aldaketa egin genuen urte amaieran lanak esleitu ahal izateko, eta otsailean esleipenduna genuen jada, hau da, koronabirusak eragindako osasun-krisia hasi baino lehen”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak. “Proiektua derioztarren proposamena da, hainbat bidetatik behin eta berriz helarazi digutena. Pozik gaude herritarren eskaerari erantzuna emango diogulako eta aisialdirako gune berri bat eskainiko dugulako. Gune berria egungo igerilekuen osagarria izango da”.

Sakonerarik gabeko jolasgune berriak 85 metro karratu izango ditu, eta gune bitan banatuko da. Umeentzako gunean, hauek egongo dira: lurretik aterako diren ur-zurrustak, uretako arkuak eta jolasteko elementuak, hala nola karramarroak, itsas izarrak eta dortokak. Familientzako gunea, bestalde, familientzat eta gazteentzat izango da. Jolasa aktiboagoa izango da bertan, eta mugitzen diren eta ukitu daitezken elementuak ipiniko dira, esaterako, iraultzen diren kuboak.

Udalak jakinarazitakoaren arabera, ohiko igerilekuen aldean, azpiegitura berriak bermatuko du modu seguruan jolastu daitekeela. Horrela, bada, sakonerarik gabeko ur-instalazioa denez, edozein adin-tarteko herritarra arrisku barik jolastu ahalko da uretan. Gainera, hil beroetan, Derioko Udal Kiroldegiak uretan jolasteko berariazko gune bat eskaini ahalko du, adinagatik edo irisgarritasunari lotutako arrazoiengatik inor baztertu gabe.

Koronabirusaren gaineko datuak Txorierrin hemen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).