Udalak neurri-sorta bat onartu du, COVID-19ak sortutako krisiaren eta alarma-egoeraren eraginez, jarduera bertan behera utzi behar izan duten dendariei eta ostalariei laguntzeko. Halaber, jarduera gelditzera behartuta egon ez diren aurren, diru-sarrerak % 75 murriztu dituztenek ere eskuratu ahalko dute laguntza.
Udalak 150.000 euroko funts ekonomikoa sortu du eta, baldintzak betez gero, 600 euro emango dizkio eskatzaile bakoitzari, besteak beste, mantentze-gastuak, alokairua eta hornitze-gastuak ordain ditzan. Udalak webgunearen eta gizarte-sareen bidez jakinaraziko du eskaerak noiz eta nola aurkeztu behar diren.
Bestalde, udalak hainbat kanpaina ipiniko ditu martxan, herriko merkataritza sustatzeko. Esaterako, 30 euroko 1.500 bonu aterako dira –orotara 45.000 euro– Derioko saltokietan gastatzeko: erosleak 20 euro ordainduko ditu eta gainerakoa –10 euro– udalak ipiniko ditu. Gainera, udalak gogora ekarri duenez, aurten 11.400 euroko dirulaguntza onartu da Danerik Paraje merkatarien elkarteak onlineko salmentak egiteko webgunea sor dezan. Hurrengo hilabeteetan neurri gehiago sustatzeko aukera sustatuko da.