Koronabirusa

Udako jaiak eta udalekuak bertan behera geratu dira Derion

Aikor aldizkaria 2020ko maiatzaren 26a

Derioko Udalak udako jai guztiak eta udalekuak bertan behera uzteko erabakia hartu du, “auzotar guztien era bereziki udalekuen parte-hartzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko”. Erabakia hartzeko orduan, kontuan izan dituzte jendetza batzen duten ekitaldiak egiteko debekua eta COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako irizpideak eta aholkuak.

Azaldu dutenez, ez da erabaki erraza izan, “baina segurtasun- eta higiene-neurriak % 100ean bermatzeko zailtasunak ikusita, erabaki zentzuzkoa eta arduratsua da”. Hala ere, jakinarazi dute udan egiteko beste aisialdi-aukera batzuk aztertzen dabiltzala. Jarduera horiek egoera soziosanitarioa egokia bada egingo dira, eta betiere errespetatuko dira agintari eskudunen argibideak eta bermatuko da pertsona guztien segurtasuna.