Igerileku estali gabeak uztailaren hasieran irekitzea aurreikusi du Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 15a, 08:46

Azaldutakoaren arabera, edukiera mugatua egongo da eta hiru ordutegi ezarriko dira: 11:00etatik 13:45era, 14:00etatik 16:45era eta 17:00etatik 19:45era. Igerilekuetan kontuan hartu beharreko arauak datozen egunotan jakinaraziko diren arren, udalak haietako batzuk aurreratu ditu, esaterako, pertsonen arteko segurtasun-tartea eta instalazioak garbitzea eta desinfektatzea.

Murrizketek eragina izango dute abonuen prezioan. Horrela, bada, uztailean, abuztuan eta irailean % 50eko beherapena egingo da udako abonuan: familiako abonuak 35 euro balioko du (71,69 euro, beherapenik gabe), eta banako abonuak, 25 euro (51,21 euro, beherapenik gabe). Gainera, nahi duenak hiruhilekoaren ordainketa eteteko eskatu ahalko du kiroldegian. Bestalde, aurreko urteetan moduan, udako igerilekuetarako abonua erosteko aukera egongo da, baina ez da eguneko sarrerarik salgai ipiniko. Udalak informazio zehatzagoa emango du laster.

Beste aldetik, eta udako igerilekuetan ezarriko diren murrizketak direla eta, Derioko Udalak eguzkitan egoteko gune bi atonduko ditu: bata, Uribe parkean; eta bestea, Ganbeko atzeko aldean, udal-txokotik hurbil. Udalak seinaleak ipiniko ditu gune bietan eta zaintze- eta garbitze-lanak egingo ditu. Halaber, arau batzuk bete beharko dira: ezin izango da mahairik ipini eta debekatuta egongo da sua edo barbakoak egitea.

Udalak pazientzia izateko eskatu die herritarrei, baita arduratsuak izateko ere, igerilekuen zein gune berrien arauak bete ditzaten eta instalazioak ahalik eta egoera onenean mantentzen lagun dezaten.