Derioko Udalak 80 aisialdi-jarduera antolatuko ditu udan

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 19a, 20:33

Derioko Udalak 80 aisialdi-jarduera antolatuko ditu udan, ekainaren 23tik irailaren 6ra bitartean. Udalak lehentasuna eman die aire zabaleko jarduerei eta guztiak osasun-agintariek ezarritako babes- eta higiene-eskakizunetara egokituko dira. Udalak liburuxkak banatuko ditu egitarauaren berri emateko.

Udalaren eskaintza zabala da: kirola, kultura, hezkuntza, natura… Gehienak 16 urtetik gorako pertsonei zuzendutako kirol-jarduerak dira, baina haurrentzako eta gainerako helduentzako ekintzak ere antolatuko dira. Besteak beste hauek egingo dira nagusientzat: aerogap, pilates, kaloria erreketa, zumba, body hit, TRX eta hipopresiboen saioak. Era berean, adinekoentzat hauek antolatuko dituzte: taichi saioak, familientzako mendira hiru ibilaldi (uztailaren 5ean eta 19an, eta irailaren 6an) eta trial sim erakustaldia (abuztuaren 14an).

Txikienak hauetaz gozatuko dira: “Txiki Txef” sukaldaritza-, eskulan- eta birziklatze tailerrak, antzerki-saioak, zirkotekeak, zientziapolis, joko erraldoiak... Gainera, 2005-2008 urteen artean jaiotako gazteei ere ekintza batzuk zuzendu zaizkie: escape room saioa (uztailaren 13tik 17ra bitartean), robotika-tailerra (uztailaren 27tik 30ra bitartean) eta paddle surfean (uztailaren 6tik 10era), piraguismoan eta surfean (uztailaren 20tik 24ra) egiteko irteerak. Guztira 150 plaza eskaintzen dira ur-jarduera horietarako; 15, eguneko. Interesatuek egun bat aukeratu beharko dute. Plazak baino eskabide gehiago egonez gero, zozketa bat egingo da.

 

Kultura

Bestetik, udako zinema egingo da Lainomendin eta Bizkargin; eta autozinema, BMko aparkalekuan. Ekainaren 23an, 20:00etan, kale antzerki saio bat egingo da Euskal Herriko izaki mitologikoekin batera, frontoian. Egun berean, fanfarria bat ibiliko da herriko kaleetan zehar, 19:00etatik 22:00etara. Halaber, ekainaren 27rako Kalean Otso Etxean Uso haurrentzako antzerki saioa antolatu da, 18:00etan, frontoian. Antzezlan biek edukiera mugatua izango dute. Beste saio batzuk ere egingo dira: Skratx (irailaren 4an) eta El latido del bosque (abuztuaren 1ean). Magia ere egingo da, baita umorezko bakarrizketak ere: bata, Carolina Noriegaren eskutik (uztailaren 11n, 19:00etan, frontoian); eta bestea, Gorka Aginagalderen eskutik (abuztuaren 28an, 19:00etan, frontoian).

 

Informazio gehiago:

94 454 10 19 / 224 (luzapena)

derioabian@deriokoudala.net

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).