Derioko Udalak dirulaguntza emango die adingabeak zaintzeko pertsonak kontratatu behar dituzten familiei

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 24a, 09:12

Udalak jakinarazi duenez, neurriak hiru helburu ditu: alde batetik, udalekuak bertan behera utzi direnez, familiei kontziliaziorako baliabideak eskaintzea; zaintzaileen lanaren balioa azpimarratzea; eta, gazteen artean ekonomia sustatuz, udako kontratazioak bultzatzea. Horretara 26.000 euro bideratuko dituzte.

Dirulaguntza 12 urtera arteko seme-alabak dituzten familiek eskatu ahalko dute irailean, Gertuan herritarren arretarako bulegoan. Zaintzaileak langabezian egon behar du, eta, ahal den neurrian, Derion erroldatuta egon. Gainera, ezin du kontratatzaileekin ez lehenengo, ez bigarren ahaidetasun-mailarik izan. Gutxienez egunean bi orduko kontratua egin beharko da, ekainaren 1etik irailaren 6ra bitartean, eta gutxienez astebete iraun beharko du.

Udalak zaintzailearen soldataren % 30 ordainduko du, gehienez 600 euro. Hala ere, baldintza batzuk betez gero, portzentaje batzuk gehituko dira: zaintzailea Derion erroldatuta badago, % 10 gehiago; 16 urtetik 35 urtera bitarteko gaztea bada, % 5 gehiago; eta euskalduna bada, % 5 gehiago. Hortaz, baldintza guztiak betetze badira, laguntza % 50ekoa izan liteke.

Zaintzaileen eta familien arteko harremana errazteko, Egaz Txorierri umeen zaintzaileen lan-poltsa prestatzen dabil. Informazio gehiagorako: 944 536 370 eta egaz@txorierri.eu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).