Bide-segurtasuna areagotzeko lanak, Derioko Uribe kalean

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 2a, 13:56

Atzo, trafikoa baretzeko lanak hasi ziren Uribe kalean, Derion. Lanek bide-segurtasuna areagotzea dute helburu, eta, horretarako, abiadura murriztuko da: orduko 50 kilometrotik 30 kilometrora. Lanak Derioko Trafikoa Lasaitzeko Proiektuaren barruan daude. Uribe kaleaz gainera, proiektuak Ganbe eta Larrabarri kaleetan ere ibilgailuen abiadura moteltzeko lanak aurreikusi ditu.  

Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, “zenbait hobekuntza egin nahi ditugu, udalerriko hainbat bidetako trafikoa lasaitzen laguntzeko; batez ere Derioko iparraldean eraiki berri diren kaleetan, oinezkoen segurtasuna handitzeko. Aste honetan Uribe kaleko lanak hasi ditugu, eta datozen hilabeteetan Ganbe eta Larrabarri kaleetako lanak hasiko dira”. Udalak 96.795 euro ipiniko ditu Uribe kaleko lanetan; eta 21.691 euro eta 11.170 euro, Ganbeko eta Larrabarriko lanetan hurrenez hurren. Uribe kaleko lanak sei asteko epean amaitzea espero da.

Bide-segurtasuna handitzeko, Derioko Udalak ibilgailuen abiadura orduko 50 kilometrotik 30 kilometrora murriztuko du. Izan ere, azaldu dutenez, “50 kilometro orduko abiaduran, ikuseremua urruneko puntu estu baterantz bideratzen da, hurbileko inguruan zer gertatzen den kontuan hartu gabe; 30 kilometro orduko abiaduran, berriz, ikuseremuak alboetan dagoena hartzen du kontuan”.  

Esandakoaren arabera, lanen bidez gidarien pertzepzioa eraldatu nahi da, galtzada estutuz –ondo seinaleztatuta eta argiztatuta egongo da– eta abiadura murriztuz. Horretarako, besteak beste, txikanak, pasabide goratuak eta abiadura murrizteko bandak erabiliko dira aipatutako kaleetan. Zehatz-mehatz, lan hauek egingo dira Uribe kalean: galtzadaren erdian uharteak ipinita, hiru estugune sortuko dira eta erreirik estuena 2,6 metrokoa izango da (gaur egun, 3,5 metroko erreiak daude). Hiru oinezkoen babesgune egingo dira: haietako bik 20 metroko luzera izango dute, eta besteak, 30 metroko luzera. “Zabalera zorrotz horiek direla eta, ibilgailuak oso abiadura motelean gurutzatzen dira”. Bestalde, Uribe, Bestorrene eta Goikoetxe kaleek elkar gurutzatzen duten lekuan zoladura goratuko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).