Derioko Udalak Kultur Birikako bost gela utzi dizkio Txorierri Institutuari, Batxilergoko 2. mailako ikasleek erabil ditzaten

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 11a, 15:08

Kultur Birikan 100 ikasle inguruk jasoko dute eskola, COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriak betetzen direla bermatzeko. Kultur azpiegituraren ordutegia moldatu beharko den arren, neurriak ez du bertan eskaintzen diren zerbitzuetan eraginik izango, hala nola gizarte-langilea, euskaltegia eta liburutegia. Bestalde, udalak kiroldegiko eta frontoiko pistak ere utzi dizkio institutuari, ikasleek ariketa fisikoa egin dezaten.

Derioko Udalak jakinarazi duenez, herriko eskolarekin eta Txorierri Institutuarekin ibili dira lankidetzan, haurrek eta nerabeek aurrez aurreko eskola jasotzea bermatzeaz gainera, ikastetxeetako ikasleen eta langileen segurtasuna garantizatzeko. “Irailaren 4an, Txorierri Institutuko zuzendaritzak ikasgelak handitzeko beharra adierazi zuen eta harrezkero irtenbide bila ibili gara, Batxilergoko 2. mailako Txorierriko ehun bat gaztek ikasturtea segurtasunez has dezaten”, azaldu dute. Horrela, udalak Kultur Birikako bost gela utziko dizkio institutuari: hiru gela bakarrik ikasleek erabiliko dituzte eta beste biak kultur azpiegituraren ohiko jardueretarako erabili ahalko dira eskolaz kanpoko ordutegian. Gainera, udalak kiroldegiko eta udal-pilotalekuko pistak ere utzi dizkio institutuari, bertan gorputz-hezkuntzari lotutako jarduerak egiteko, baita Uribe Parkea ere, atsedenaldian ere gomendatutako osasun-baldintzak betetzeko. “Esfortzu handia da udalarentzat, baina gure konpromisoa da. Derioko zein Txorierriko gainerako udalerrietako ikasleen segurtasuna bermatzea lehentasuntzat dugu”, esan du Esther Apraiz alkateak.

Lagapena dela eta, Kultur Birikako ordutegia handitu beharko da: 08:00etatik 21:00etara, hain zuzen. Hala ere, udalak ziurtatu duenez, horrek ez du ohiko zerbitzuetan eraginik izango: gizarte-langilea, liburutegia, udal-euskaltegiko eskola, ikasketa-gela eta ikastaroak, esaterako.

Bestalde, udal-brigada institutuarekin dabil elkarlanean altzariak egokitzeko eta lekualdatzeko, eta irailaren 15ean ikasturtea hasiko dela ziurtatzeko. Halaber, udaltzainen presentzia indartuko da sarreretan eta irteeretan, prebentzio-neurriak betetzen laguntzeko.  

Eskola

Derioko Udala herriko eskolarekin ere ibili da harremanetan, ikasleek ikasturte-hasiera segurua izateko. Udalaren esanetan, eskolak ez du aparteko instalaziorik eskatu, eta batez ere konpontze- eta egokitze-lanak egin dira eraikinean. Adibidez, Lehen Hezkuntzako sarreran eta aldagelan zeuden irisgarritasun-arazoak konpondu dira, eta informatika-gela berritu eta handitu da, Lehen Hezkuntzako eraikinean gela berria atontzeko. Era berean, Wifi konexioa ipini da gimnasioan eta sarbide berria atondu da Haur Hezkuntzako ikasleentzat. Udalaren hitzetan, eskola garbitzeko eta desinfektatzeko zerbitzua indartuko da, eta eskola aurrean dauden aparkatzeko plazak jersey hesiak erabilita itxiko dira, ikasleen sarrerak eta irteerak errazteko. Udaltzainek ere segurtasuna bermatuko dute sarreretan eta irteeretan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).