Deriokoa lehen udala izan da Athletic Club Fundazioarekin bat egiten

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 16a, 18:36

Derioko Udalak jakinarazi duenez, Athletic Club Fundazioarekin bat egin duen lehen udala izan da. Ekimena zeharkako lankidetza-ereduan oinarritzen da eta ondasun komunari eta fundazioaren garapen jasangarriaren helburuei lotutako hitzarmenak ditu ardatz. Derioko Udalak ongile moduan sinatu du akordioa eta fundazioari gizartea hobetzeko lan egiten laguntzeko konpromisoa hartu du.

Ibaiganen hauek batu dira hitzarmena sinatzeko: Esther Apraiz, Derioko alkatea; Nekane Aiarza, alkateordea; Aitor Elizegi, Athletic Clubeko presidentea; eta Juan Carlos Ercoreca, Athletic Club Fundazioko presidentea.

Bizkaiko gainerako udalek ere bat egin dezakete ekimenarekin, eta helburua da fundazioaren eta udalen arteko akordioak ofizialtzea eta gehitzea, fundazioaren gizarte-, ingurumen-, kirol- eta kultura-ekitaldiak udalerri horietan egin ahal izateko. Besteak beste, Derioko Udalak ekintza hauetan azaldu du interesa: Thinking Football Film jaialdia, irakurtze-tailerrak eta klubak, Bertsoderbia, adingabeen babesaren inguruko heziketa teknikarientzat eta familientzat, nutrizioari buruzko mintegiak, kirol-psikologiari lotutako heziketa, adinekoentzako ergonomia-saioak. Bestalde, Derioko Udalak eta Athletic Club Fundazioak zeharkako beste lankidetza-bide batzuk aztertzeko asmoa dute, fundazioarekin lan egiten duten Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko elkarteei ere on egiteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).