Derioko Udalak 24 ke-detektagailu berri jarri ditu adinekoen etxebizitzetan

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 21a, 09:00

Kea detektatzeko gailuak herriko 20 etxebizitzatan jarri dira hain zuzen. Udalak bakarrik edo 75 urtetik gorako pertsonekin bizi diren 75 urtetik gorako adinekoei eskaintzen die zerbitzua. Hori 2012an ipini zen martxan eta harrezkero 282 ke-detektagailu instalatu dira  233 etxetan.

“Funtsezko zerbitzua da guretzat, adinekoen ongizatea eta segurtasuna babesten eta hobetzen laguntzen digu eta”, adierazi du Esther Apraiz alkateak. “Haien beharrei adi gaude, eta zerbitzu hau talde zaurgarri baten arrisku-egoerak prebenitzeko inbertsioa da. Zoritxarrez, ustekabeko suteak edo istripuak nahiko ohikoak dira etxeetan, eta, horregatik, ke-detektagailuek bizitza salbatu diezaiekete”.

Ke-detektagailua ipintzeaz gainera, etxebizitza bakoitzean dauden arriskuak aztertu dira eta krokis bat egin da, larrialdirik izanez gero, ebakuazioa errazteko. Halaber, adinekoei eskuliburu bana eman zaie eta bertan segurtasuneko oinarrizko ezagutzak jaso dira. Bestalde, etxebizitzak aldizka ikuskatzen dira arriskuak kontrolatzeko. Ke-detektagailuak ere berraztertzen dira, bateriak ordezkatzen dira, pantaila optikoetako zirrikituak garbitzen dira eta gailuak testatzen dira, ondo funtzionatzen dutela egiaztatzeko. Doako zerbitzua da eta ke-detektagailuak jartzeko eta mantentzeko gastua udalak hartu du bere gain.