Hiru derioztar Keniako biztanleei laguntzeko egitasmo batean parte hartzen dabiltza Hakuna Matata elkartearekin batera

Aikor aldizkaria 2020ko urr. 27a, 12:02

Hakuna Matata Torreviejako gazteen elkartea da eta haren kideek Keniako biztanleei laguntzeko kanpaina ipini dute abian. Gazteek maskarak jarri dituzte salgai eta salmentei esker batzen den dirua Green String gobernuz kanpoko erakundeari bidaliko diote, Kenian COVID-19aren kontra egiteko duten egitasmoan erabil dezaten. Derioko hiru emakumek –Montse, Lourdes eta Ascen– bat egin dute proiektuarekin eta maskarak egiten dabiltza.

Montsek kontatu digunez, Alberto Gallego elkartearen kideak egitasmoan parte hartzeko proposamena egin zion. “Pandemiaren hasieran, herriko boluntarioen taldean ibili ginen osasun-langileentzako materiala josten. Albertok Zamudioko ospitalean egiten du lan eta lankide baten bidez izan zuen gure berri. Maskarak egitea proposatu zidan eta Lourdesekin eta Ascenekin ipini nintzen harremanetan”. Emakumeak denbora librean egiten dituzte maskarak eta dagoeneko 70 josi dituzte. “Helburua 150 maskara egitea da”, esan digu Gallegok. Maskara bakoitzak bost euro balio du eta elkartearen Instagramen bidez -@aj.hakunamatata- edo aj.hakunamatata@gmail.com helbide elektronikora idatzita lortu daitezke. Gallegok azaldu digunez, maskarak egiteko erabiltzen diren oihalak Bilboko merkatari senegaldar batzuei erosi dizkiete elkarteak zuen dirua erabilita. 

Green String elkarteak egitasmo batzuk ditu Kenian; COVID-19aren aurka egiteko proiektu bat haien artean. Proiektuaren ardatzak dira, besteak beste, desinfektatze-lanak areagotzea, biztanleei maskarak ematea eta baldintzak hobetzea, jendea lanera joan ahal izateko. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).