Astelehenean zabalduko da bonu-kanpainarekin bat egiteko epea Derion

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 13a, 14:17

Bonu-kanpaina baten bidez, Derioko Udalak 27.410 euro bideratuko ditu herriko merkataritza-, ostalaritza- eta enpresa-jarduera sustatzera. Kanpainarekin bat egin nahi duten establezimenduek azaroaren 16tik 20ra bitartean eman behar dute izena udaletxean bertan edo Gertuan herritarren arreta-zerbitzuan.

Hurrengo egunetan, 18 urtetik gorako derioztarrek bost euroko bonu bana jasoko dute etxean, kanpainan parte hartzen duten dendetan, ostalaritza-establezimenduetan eta zerbitzuetan gastatzeko. Bonuak azaroaren 30etik urtarrilaren 5era arte erabili ahalko dira. Erosleak gehienez bonu bi erabili ahalko da aldi berean: establezimenduan bonu bakarra aurkezten badu, gutxienez bost euroko erosketa egin beharko du; eta bonu bi badira, gutxienez 10 euroko erosketa. Establezimenduek egun hauetan eraman beharko dituzte bonuak udaletxera: abenduaren 15ean eta 29an eta urtarrilaren 15ean eta 29an.

“Ahal dugun neurrian, pandemiaren eragina gogor pairatzen dabilen familien egoera ekonomikoa arindu nahi dugu, eta, era berean, establezimendu txikiei likidezia eta bizitza eman”, esan du Esther Apraiz alkateak. “Inoiz baino gehiago, orain tokiko merkataritza eta ostalaritza bultzatu behar ditugu, herrian erosiz eta kontsumituz”.