Derioko Udalak 35.000 euro bideratuko ditu herriko ostalaritzara eta irakaskuntza ez-arautura

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 4a, 14:02

Azaldu dutenez, dirulaguntzen deialdi berria herriko ostalarientzat eta irakaskuntza ez-arautuko ikastegietarako da, eta Alarma Estatua bigarrenez ezarri izanak sektore horiei ekarri dizkien galera ekonomikoak arintzen laguntzea du helburu. Eskaerak aurkezteko epea datorren astelehenean, abenduak 7, hasiko da. Eskatzaile bakoitzak gehienez 1.000 euroko laguntza jasoko du.

Eskaerak Gertuan herritarren arretarako bulegoan aurkeztu daitezke, edo www.deriokoudala.net webguneko egoitza elektronikoaren bidez. Informazioa eskuratzeko edota zalantzak argitzeko, 944 541 019 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo, gai-atalean “COVID-19 laguntzak” adierazita, udala@deriokoudala.net helbide elektronikora mezu bat bidali.

Dirulaguntza eskuratzeko, ostalariek eta ikastegiek baldintza hauek bete beharko dituzte: 38/2020 Dekretuak, azaroaren 6koak, euren jardueran eragina izatea; Derion jarduteko agiria izatea; urriaren 25ean langile autonomo gisa alta emanda egotea; eta udal-zergak ordainduta izatea. Nolanahi ere, berariazko baldintzak ere bete beharko dituzte: ostalarien jarduera nagusia ezin da etxera eramateko janaria eta edariak saltzea izan; eta, lehen Alarma Estatuaren aurreko seihilekoko batez bestekoarekin alderatuta, ikastetxeen diru-sarrerek % 75eko baino gehiagoko beherakada izan behar dute.  

Dirulaguntzak hurrengo gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira: alokairua,  hornidurak, COVID-19ari lotutako desinfektatze-lanak eta aholkularitza, aseguruak, hornitzaileak eta autonomoen kuota. “Gure lehentasuna, pandemiaren ondorioak direla-eta kaltetutako taldeei eta pertsonei une oro laguntzea da”, adierazi du Esther Apraiz alkateak. “Apirilean, neurriak onartu genituen eta 150.000 euroko aparteko funtsa sortu genuen, jarduera nahitaez gelditu behar izan zuten merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreak suspertzeko. Orduan, 800 eurora arteko dirulaguntza eman genion eskatzaile bakoitzari, eta orain 1.000 eurora arteko laguntzak emango ditugu. Hirugarren edo laugarren itxiera gertatuz gero, laguntza gehiago emango dugu”.

Beste aldetik, Apraizek jakinarazi du joan den astean udalak herriko 17 ostalaritza-establezimendutako jabeekin batu zela –orotara 34 taberna eta jatetxe daude Derion–. “Horiek negozioa irekitzeko eta lan egiteko gogoa adierazi zuten, eta laguntzak berehalakoak izateko beharra azpimarratu zuten. Udalak adierazi zien bigarren dirulaguntzez gainera zabor- eta terraza-zergak murriztuko dituela”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).