Espinar-Agirre eta Aldai-Orbegozo bikoteek jokatuko dute Master Laboral Kutxa Txapelketaren finala

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 9a, 10:09

Abenduaren 6an, Master Laboral Kutxa Binakako Txapelketaren finalerdiak jokatu ziren Derion. Lehenengo partidan Amaia Aldaik eta Oihana Orbegozok 12 eta 22 irabazi zieten Olatz Arrizabalagari eta Gentzane Aldairi; bigarrenean, Patri Espinarrek eta Naroa Agirrek 18 eta 22 irabazi zieten Ainhoa Ruiz de Infanteri eta Mirian Arrillagari. Irabazleek finala jokatuko dute Arrigorriagan, abenduaren 20an.

Pilotan aritzeko baldintzarik onenak ez zeuden, hotz handia egiten zuelako eta, koronabirusaren ondorioz, jokalariak azken asteotan jokatu barik ibili direlako. Gainera, publikoak ez zuen partida zuzenean ikusteko aukerarik izan. Hala ere, jokalariek maila ona erakutsi zuten, eta ikuskizun polita eskaini.   

Aldai-Orbegozo eta Arrizabalaga-Aldai bikoteen arteko finalerdia orekatua izan zen hasieran, baina apurka-apurka lehenengo bikotea nagusitu zen, Orbegozok azaldutako erregulartasunari eta Aldairen sakeei esker. Beste finalerdian, ordea, lehia askoz biziagoa izan zen. Patri Espinarrek eta Naroa Agirrek izugarri sufritu behar izan zuten Ainhoa Ruiz de Infanteren eta Mirian Arrillagaren aurka, finalerako txartela eskuratzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).