Derioko merkatariak etxekoak dira

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 18a, 12:13

Derioko merkatari eta zerbitzuen elkarteak, Deriocom, “Etxekoak gara” kanpainaren berri eman du gaur Kultur Birikan. Horrezaz gainera, deriocom.eus webgunea ere aurkeztu dute, haren bidez Derioko dendetan online erosi ahal izateko.

Deriocom elkarteak kartel bana egin die bere 64 kideei eta kartel horiek Bizkaibuseko  geltokietan jarriko dira, batez ere Derion, baina baita Zamudion, Lezaman eta Loiun ere. “Iaz ere zabaldu genuen kanpaina. Aproposa da, pertsonei, merkatariei, ematen dielako garrantzia. Derioko dendok hurbilak gara eta tratu pertsonalizatua eskaintzen dugu, eta mezu hori zabaldu nahi dugu; horregatik aukeratu dugu leloa: "Etxekoak gara”, esan du Mari Mar Mellado elkartearen presidenteak.  

Eusko Jaurlaritzak eta Derioko Udalak babesa eman diote kanpainari. “Herriko merkatariak ezinbestekoak dira Derio behar bezala garatzeko. Tokian tokiko merkataritzaren aldeko apustua egin dugu. Zergatik erosi kanpoan, etxean duguna, bada?”, aipatu du Nekane Aiarza alkateordeak.   

Deriocom elkartea orain dela 15 urte sortu zen. Euren esanetan, garrantzitsuak izan dira herriko bizitasunari eusteko eta beti inplikatu dira Derion. Era berean, berrikuntza taldeko oinarrietako bat izan da beti. Ildo horri jarraituz, urtarrilaren bukaerarako prest egongo da deriocom.eus webgunea. Horren bidez, bezeroek Derioko dendetan edozein gauza online erosteko aukera izango dute. “Proiektu estrategikoa da guretzat, Internetek ematen dituen baliabideak geuk ere aprobetxatu nahi ditugulako”, adierazi du Melladok. Plataformarekin batera, elkarteak gizarte-sareak erabiliko ditu bezeroengana hurbiltzeko.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).