Garitano kanporatu dute

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 4a, 09:48

Atzo Athleticek 1 eta 0 irabazi zion Elx taldeari eta, ustekabez, partida bukatu bezain pronto klubeko agintariek Gaizka Garitano entrenatzaile derioztarra kanporatzea erabaki zuten. “Athletic Clubek eskerrak eman nahi dizkio taldearen agintea hartu zuenetik erakutsitako ahaleginagatik eta dedikazioagatik, betiere talde zuri-gorriaren alde. Era berean, etorkizunari begira onena opa nahi diogu”, adierazi dute klubaren webgunean.

“Eskerrak bihotzez Athleticeko entrenatzaile izateko aukera eman didazuen guztiei: klubeko langile, zaletu eta bereziki jokalariei. Ohorea izan da txikitatik hainbeste maite dudan taldea zuzentzea. Hemendik aurrera ere, nagoen tokitik, athletic zalea izaten jarraituko dut. Etorkizun oparoa dugu aurretik! Aupa Athletic!”, idatzi du Garitanok Athleticen webgunean.  

Derioztarra 2017an heldu zen Athleticera, bigarren taldea zuzentzeko, eta 2018ko abenduan lehenengo taldeko entrenatzaile izendatu zuten. Lehenengo urtean jaitsiera-postuetatik atera zuen taldea eta Europarako txartela lortzeko zorian egon zen. Iaz, azken partidetara arte ibili zen lehian Europa Ligarako sailkapena lortzeko eta, gainera, Kopako finala jokatzeko aukera erdietsi zuen. Guztira 89 partida zuzendu ditu Athleticen. Talde zuri-gorriak iragarri du aurreakordioa lortu duela Marcelino Garcia Toral entrenatzailearekin. Bera izango omen da, beraz, Garitanoren ordezkaria.