Derioko Udalak bideo-lehiaketa antolatu du Inauterien harira

Aikor aldizkaria 2021ko ots. 3a, 11:04

a: J.M. Campos

Inauteriak ez dira ohi moduan ospatuko. Hortaz, eta herritarrei Inauteriak gozatzeko aukera eskaintzeko asmoz, Derioko Udalak “Inauteriak 2021 bideo-lehiaketa” antolatu du. Gehienez lau laguneko taldeak osatu ahalko dira. Mozorroa jantzita, bideoa grabatu beharko da (gehienez minutu bi), eta whatsapparen bidez 688 801 659 telefono-zenbakira bidali. Bideoak Facebook gizarte-sarera ere igo ahalko dira #Deriokoinauteriak hastag-a erabilita. Lanak otsailaren 8tik 14ra bitartean, egun biak barne, bidali edo eskegi beharko dira. 

Epaimahaia udal-langileek eta dendarien elkarteko kideek osatuko dute, eta jantzien eta aurkezpenaren originaltasuna, karakterizazioa, animazioa eta birziklatutako materialak erabiltzea hartuko dituzte kontuan, sariak emateko orduan. Kategoria bi egongo dira: 12 urtera artekoa eta helduak (indibiduala, bikoteak eta taldeak). Txikien artean tableta bat, bluetooth bidezko entzungailuak eta zenbait joko banatuko dira; nagusien artean, berriz, herriko dendetan gastatzeko 30 eta 200 euro arteko bonuak eta Gurea Aretorako zinema-sarrerak. Halaber, zozketak egingo dira saririk lortu ez dutenen artean.

Sariak otsailaren 26an jakinaraziko dira. Epaimahaiak saririk ez emateko aukera izango du, baita kategoriei dagokienez aldaketak egiteko aukera ere.