Derioko Udalak Ibaiondo futbol-zelaiko hesia berritu du

Aikor aldizkaria 2021ko ots. 4a, 10:51

Kirol-instalazioak hobetzeko eta egokitzeko programaren harira, Derioko Udalak 48.000 euro baino gehiago ipini ditu Ibaiondo futbol-zelaiko hesia aldatzeko. Azaldu dutenez, beste hesi bat ipini dute, “modernoagoa eta seguruagoa”. Lanak abenduaren erdialdean hasi, eta urtarrilean bukatu dira. Jokalekuko barrualdea eta perimetroa hesitu da, “instalazioan kirola modu seguruan egiteko”.

Egoera txarrean zegoen hesia kendu, eta haren ordez hodi galvanizatutako hesia ipini da. Hesi berriak “egungo kirol-araudia betetzen du eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzen du”. Esther Apraiz Derioko alkatearen esanetan, lanen helburua izan da futbol-zelaia leku seguruagoa izatea. “Batez ere udalerriko taldeen entrenamenduetan eta futbol-partidetan aritzen diren erabiltzaileei begira. Zelaiak oso eginkizun garrantzitsua du, oinarri-futbola sustatzen duelako eta instalazioak ehunka haurrek eta kirolarik erabiltzen dituztelako; horiek guztiek ekipamendu eta azpiegitura seguruak behar dituzte. Horri lotuta, gogora ekarri dute instalazioak egunero pertsona askok erabiltzen dituztela, baita talde federatuetako eta kirol-eskolako kirolari askok ere. Talde horien artean, CD Derio Federatua (gizonen taldea zein emakumeen taldea) eta Arteaga (kirol-eskola) daude.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).