Deriok ia 98.000 euro gehiago zuzenduko ditu merkatariei, ostalariei eta autonomoei laguntzera

Aikor aldizkaria 2021ko ots. 24a, 14:19

Derioko Udalak jakinarazi duenez, atzoko osoko bilkuran premiazko ezohiko laguntza-sorta berria onartu zuten herriko merkatariei, dendariei eta autonomoei laguntzeko. Zehatz-mehatz, 97.500 euroko ezohiko funts ekonomiko berria sortu dute aipatutako profesionalek COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiten jarraitu ahal izateko.

Udalak azaldu duen moduan, hiru deialdi egingo dira. Haietako bat izango da Derion erroldatuta egoteaz gainera egoitza fiskala bertan ere duten autonomoentzat. Laguntzara 50.000 euroko diru-partida bideratuko da eta eskatzaile bakoitzak gehienez 1.000 euro jasoko du. Deialdietako beste bat izango da jarduera-lizentzia Derion duten tokiko saltokietarako. Orotara 30.000 euro zuzenduko dira merkatariei laguntzera eta, aurrekoek bezala, eskatzaile bakoitzak gehienez 1.000 euro jasoko du. Gainerako deialdia ostalarientzat izango da: guztira 17.500 euro bideratuko dira ostalaritzako sektorera laguntzera eta eskatzaile bakoitzak 500 eurora arteko laguntza jaso ahalko du. Laguntza horiek eta beste administrazio publiko batzuenak bateragarriak izango dira, betiere dirulaguntza COVID-19ak eragindako diru-galera baino handiagoa ez bada. Bestalde, Derioko Udalak dirulaguntza bakarra emango du saltoki, taberna edo jatetxe eta autonomo bakoitzeko.    

Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, autonomoek eta dendariek 10 egun balioduneko epea izango dute eskaerak aurkezteko, eta ostalariek, bost egun balioduneko epea. Datozen egunetan, eta ohiko komunikazio-bideak baliatuta, udalak informazio gehiago emango du epeei, betekizunei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruz. Eskaerak www.deriokoudala.net egoitza elektronikoaren bidez egin beharko dira. Informazio gehiago eskuratzeko eta zalantzak argitzeko, 944 541 019 telefono-zenbakira deitu daiteke, edo udala@deriokoudala.net helbide elektronikora mezua bidali, gaian “COVID-19 Laguntzak” adierazita. Salbuespenez, eta eskaera bide telematikoz egitea ezinezkoa bada, ordezko kanala ipiniko da eskaera egiteko.

“Pandemiak gehien zigortu dituen sektoreetako negozioei eta lanpostuei eusten lagundu nahi dugu”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak. Horri lotuta jakinarazi du laguntzak eskuratzeko izapideak bizkortuko dituztela, onuradunek ahalik eta azkarren jaso ahal izateko.

Beste aldetik, udalak gogora ekarri du abenduan 35.000 euroko laguntza onartu zela ostalarientzat eta arautu gabeko irakaskuntzako ikastetxeetarako, eta maiatzean, 150.000 euroko ezohiko funts ekonomikoa sortu zela, jarduera nahitaez bertan behera utzi behar izan zuten merkatariei, ostalariei eta banan-banakako zerbitzuei laguntzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).