Udaltzaingorako ibilgailu hibridoa erosi du Deriok, eta beste udaltzain bat kontratatu

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 2a, 11:11

Derioko Udalak adierazi duenez, “herritarren segurtasuna indartzean inbertitzea udalaren lehentasunetako bat da”. Hori dela eta, ibilgailu hibridoa erosi dute, zeinek “udaltzaingoaren egungo automobil-parkea modernizatuko baitu”. Horrezaz gainera, udalak berariazko plaza bat sortu du ofizialorde bat kontratatu ahal izateko. Hortaz, udaltzaingoak zazpi kide ditu jadanik: lau udaltzain, bi udaltzain lehen eta ofizialorde berri bat.

Udalaren esanetan, plantilla berritzeaz eta sendotzeaz gainera, ofizialordea kontratatu izanak udaltzaingoaren beraren berrantolaketa ekarri du, “eta horrek ahalbidetuko du udalerriko segurtasuna indartzea, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea eta osasun-krisiaren eskakizun operatiboei aurre egitea”. Beste aldetik, Derioko Udalak 45.000 euro ipini ditu ibilgailu berria erosteko. Mitsubishi Outlander ibilgailu hibridoa da. “Beraz, ingurumena babestearen aldeko apustua da, CO2 askoz gutxiago isuriko delako. Halaber, motor elektrikoa eta termikoa uztartzen dituenez, ibilgailuaren kontsumoa eta mantentze-kostuak ere murriztuko dira”. Ibilgailu berriak lau gurpileko trakzioa du, bost ate eta bost eserleku, eta 160 zaldi-potentzia baino gehiago. Era berean, dagozkion bereizgarria eta polizia-ekipamendua izango ditu: besteak beste, bozgorailua, sirena, bi su-itzalgailu eta segurtasuneko manpara. Kargatzeko gunea Kultur Birikako garajean ipiniko da. Udalak aipatu duen moduan, udaltzain guztiak ibilgailu hibridoak eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa egiten dabiltza.

“Ezinbestekotzat dugu udaltzaingoaren eredu hurbilago, eraginkorrago eta modernoago baterantz aurrera egiten jarraitzea, herritarren beharretara egokitutako zerbitzua eskaini ahal izateko. Horretarako, funtsezkoa da gure udaltzainek baliabide guztiak izatea, lana berme osoz eta eraginkortasunez egin ahal izateko”, adierazi du Esther Apraiz Derioko alkateak.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).