Maiatzaren 12ra arte egongo da Derioko HAPOn parte hartzeko aukera

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 5a, 13:29

Informazioaren lehenengo fasean dago Derioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), eta “helburua da derioztarrengandik informazioa jasotzea, HAPOk udalerriaren beharrizanei hobeto erantzuteko”, adierazi du udalak. Esandakoaren arabera, fase honetan 130 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte dagoeneko, bide digitala erabilita: gehienak derioztarrak izan dira, baina Derion lan egiten duten lagunak ere egon dira, baita herriko elkarteak ere.

Horri lotuta, interes handiena piztu duten gaiak izan dira mugikortasuna, ingurune naturala eta etxebizitza. Bestalde, 30 lagun batu ziren apirilean egindako bileran. Oraindik parte hartu ez dutenek maiatzaren 12ra arte dute horretarako aukera, www.hapo-derio.eus webgunearen bidez edo Kultur Birikan dauden paperezko galdetegiaren bidez.