Deriok ez du terrazei lotutako tasa kobratuko

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 20a, 10:24

Derioko Udalak jakinarazi duenez, ezohiko proposamena egin du herriko ostalariei laguntzeko: 2020ko eta 2021eko terraza-tasa ez kobratzea. Proposamena datorren asteko osoko bilkuran aztertuko da onartu dadin.

Udalaren hitzetan, tasetan aldaketa egin daiteke “oraindik ez baitira kobratu eremu publikoan mahaiak eta aulkiak ipintzeari dagozkion  2020ko eta 2021eko tasak”. Gainera, udalak esan du neurriak aurrekontu-egonkortasunaren printzipio betetzen duela eta erakundeak finantzazio-ahalmena duela ezohiko hobaria ezartzeko. Orotara 6.276 euroko hobaria izango da eta, “beraz, neurriak ez luke aurrekontuen egonkortasunean eta iraunkortasunean eraginik izango”. Bestalde, udalak gogora ekarri du iaz, lehenengo alarma-egoeraren ondoren, “negozioak berriz ireki zituztenean, ezarritako edukiera-murrizketak kontuan hartuta, bide publikoan leku handiagoa utzi zitzaiela terrazak handitzeko, aukerak banan-banan aztertu ondoren eta negozio bakoitzaren ezaugarriak eta kokapena kontuan hartuta”.

Esther Apraiz Derioko alkateak zera adierazi du: “Pandemiak sektore ekonomiko guztiak astindu ditu, familia guztiak, era batera edo bestera, eta lehen minututik, gure asmoa guztien ondoan egotea da, inpaktu hori minimizatzeko”. Horri lotuta, aurreratu du kontsumo-bonuen kanpaina berri bat abian jartzeko aukera aztertzen dabiltzala, eta zuzeneko laguntzak uda osterako. 

Maiatzean, autonomoentzako eta tokiko merkatarientzako eta ostalarientzako zuzeneko hirugarren laguntza-sorta aktibatu du eta orotara 36.000 euroko laguntza eman du.  Udalak esandakoaren arabera, pandemia hasi zenetik 155.000 euro baino gehiago eman ditu laguntzetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).