Nagusien Etxea berritzeko lanak hilaren amaieran hasiko dira Derion

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 24a, 12:16

Derioko Udalak jakinarazi duenez, hilaren amaieran hasiko dira Nagusien Etxea berritzeko lanak. Udalak 270.000 euro baino gehiago ipiniko ditu lanetan eta aurreikusi da horiek lau hilabete iraungo dutela.

Azaldutakoaren arabera, alde batetik, intsonorizazio-lanak egingo dira, lokalaren akustika hobetzeko eta zarata kanpotik ez entzuteko; bestetik, lokaleko instalazio termikoak (klimatizazioa eta aireztapena) berrituko dira, energia aprobetxatzeko eta COVID-19ak eragindako osasun-neurri berrietara egokitzeko. Era berean, lokalaren irisgarritasuna hobetuko da, haren barruan dauden bi altuerak kenduko direlako. Lekua ere guztiz egokituko da jarduerak behar moduan egin ahal izateko: lekuaren banaketa, akaberak eta estaldurak, altzariak eta ekipamendu berria.

“Adinekoei eta derioztar guztioi poza ematen digu proiektuak. Udala harro dago gure inguruan erreferente den lokala izateaz, zeinean, sozializatzeaz gainera, Derioko adinekoek zein bizilagunek gozatu ahal duten”, esan du Esther Apraiz alkateak. “Gure adinekoek euren beharrizanetarako lokal egia izatea nahi dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).