Merkataritzarako eta ostalaritzako ingurumen-jardunbide egokien gida argitaratu du Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 14a, 11:18

Derioko Udalaren esanetan, merkataritza jasangarria eta ingurunea errespetatzen duena sustatzea bat dator bere ingurumen-konpromisoarekin. Horri lotuta, Merkataritzarako Ingurumen Jardunbide Egokien Gida argitaratu du. “Dokumentuaren helburua da baliagarria izatea tokiko enpresa txiki eta ertainetarako, eta horretarako, jardunbide egoki errazak eta merkeak proposatzen dizkie. Jardunbideak baliagarriak izan daitezke berehalako emaitzak eta errentagarritasun handia lortzeko, eta ez dute negozioen ohiko jardueran eraginik”, azaldu du.

Jardunbide egokiak ezarri, eta helburu hauek lortu nahi dira: era guztietako energia-baliabideen kontsumoa murriztea, hondakinen gutxiago sortu eta haiek berriro erabiltzea erraztea, kostuak murriztu eta negozioak lehiakorragoak izatea, ingurumenari lotuta enpresei buruz dagoen irudia hobetzea eta herritarrak sentikor bihurtzea ingurumenarekiko.

Txorierriko Politeknika Ikastegiko Ingurumenaren Hezkuntza eta Kontroleko bigarren zikloko ikasleek diseinatu dute gidaliburua, udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloak babestutako lankidetza-proiektu baten baitan. DerioCom merkatarien elkarteak ere hartu du parte proiektuan. Gidan, zortzi jardun-arlo bereizi dira: ura, energia, garraioa eta biltegiratzea, hondakinak, zarata, lokala eraikitzea eta hornitzea, garbitzea eta mantentzea eta komunikazio jasangarria. Gidaliburua datozen egunetan banatuko da dendetan, tabernetan eta jatetxeetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).