Derioko umeek eta gaztetxoek ere izango dute aurrekontuetan parte hartzeko aukera

Aikor aldizkaria 2021ko eka. 24a, 15:24

Derioko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesu berria hasiko du datorren astean, eta, berrikuntza moduan, zazpi urtetik 16 urtera bitarteko umeek eta gazteek ere ekarpenak egin ahalko dituzte. Ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean, udalak herritarren proposamenak batuko ditu 2022ko kontuetan sartzeko. Orotara 120.000 euroko diru-partida gorde du herritarren proposamenei erantzuna emateko.

Prozesu parte-hartzailea atzo aurkeztu zen Kultur Birikan. Bertan batu ziren Esther Apraiz Derioko alkatea, Nekane Aiarza alkateordea eta Herritarren Partaidetza Saileko arduraduna eta Derioko Umeen Kontseiluko kideak. Izan ere, udalaren eta umeen kontseiluaren arteko elkarlanak ahalbidetu du zazpi urtetik 16 urtera bitarteko umeek eta gazteek prozesuan parte hartzea. Udalak gutun pertsonalizatu bana bidali die beren ideiak ezagutzera ematera animatzeko. Gutunarekin batera jaso dute fitxa bat eta han izen-abizenak eta jaiotze-data adierazi beharko dituzte. Fitxa hori beteta, irailaren amaieran egingo den botazioan parte hartu ahalko dute. 

Bestalde, eta gainerako derioztarrei dagokionez, herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edonork izango du prozesuan parte hartzeko aukera. Prozesuaren lehen fasean, ekainaren 28tik uztailaren 23ra, herritarren proposamenak batuko dira. Proposamenak Gertuan herritarrentzako arreta-zerbitzuan edo Kultur Birikan aurkeztu ahalko dira, leku horietan dauden inprimakiak beteta; www.deriokoudala.net webgunearen bidez; edo inprimakia deskargatu, eta partaidetza@deriokoudala.net helbide elektronikora bidalita. Bigarren fasean, uztailaren 26tik irailaren 17ra, proposamenak bideragarriak diren aztertuko da, eta irailaren 22an proiektuen zerrenda argitaratuko da udal-webgunean eta udalaren iragarki-taulan.  

Proiektuak irailaren 27tik urriaren 1era bitartean bozkatu ahalko dira udal-webgunean. Nolanahi ere, beharrezko ezagutzarik edo baliabiderik ez dutenek Gertuan bulegora edo Kultur Birikara jo ahalko dute, eta hango langileen laguntza jaso. Botazioaren emaitza urriaren 15ean jakinaraziko da udal-webgunean eta udalaren iragarki-taulan.

“Derioztarrei hitza ematea eta beren eskaerei erantzutea gardentasunari lotutako ariketa da, eta herritarrekin dugun konpromisoaren adierazgarria, udal-kudeaketan parte hartu ahal dezaten, eta euren nahiak egia bihurtu”, adierazi du Apraizek.  “Gainera, parte-hartzea zabalagoa izango da aurten, zeren eta zapi urtetik 16 urtera bitartekoek ere euren kezkak eta lehentasunak helarazi ahalko baitizkigute. Funtsezkoa dugu haien ikuspuntua, eta haien proposamenak jaso nahi ditugu, ziur nagoelako datorren urteko kontuak aberastuko dituztela eta gure udalerria hobetzen lagunduko dutela”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).