Deriok udal-kiroldegiaren klimatizazioa hobetuko du, eta igerilekuko eta gimnasioko estalkiak eraberritu

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 9a, 10:23

Beitu udal-aldizkariaren iraileko alean jakinarazi dutenez, Derioko Udalak 210.682 euro zuzenduko ditu udal-kiroldegiko hainbat zerbitzuren instalazio termikoa hobetzera. Helburua da erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea eta aurreikusi da lanek zortzi hilabete iraungo dutela. Udalak espero du lanak laster esleitu ahal izatea. Bestalde, igerilekuko eta gimnasioko estalkiak ere eraberrituko dira, ura iragazteko arazoak konpontze aldera. Udalak 93.421 euro ipiniko ditu horretarako eta lanek hilabete bi iraungo dute.

Kiroldegiaren instalazio termikoari dagokionez, kiroldegiko eta igerilekuko aldageletako klimatizagailu biak aldatuko dira, eta igerilekuan ere ipiniko da klimatizagailu berriak. Azken horren harira, azaldu dute “ekipamendu berriari esker, kondentsazio-arazoak konponduko” direla eta “hondar-energia hobeto aprobetxatuko” dela. Bestalde, beroa berriro berreskuratzea ahalbidetzen duen airea berritzeko sistema ipiniko da muskulazio-gelan, eta ekipo berriak gimnasioan, hotzari eta beroari lotutako eskaerei erantzuna emateko.

Udal-aldizkarian jaso dute Esther Apraiz alkatearen hitzak: “Diseinu aurreratua eta goi-errendimendua dituzten ekipoak dira eta haiei esker asko hobetuko da hainbat gunetako klimatizazioaren eraginkortasuna, eta energia aurreratu. Era berean, gaur egungo arauekin bat egingo dugu eta lortuko da airearen kalitatea egokia izatea. Hortaz, konfort-parametroak hobetuko dira, eta funtzionamendu-etenaldiak gutxitu”.    

Beste aldetik, igerilekuko eta gimnasioko estalkiak ere konponduko ditu udalak. Gaur egungo estalkien gainean, xafla lakatu bat ipiniko da, eta kondentsazioa ekiditen duen isolamendua. Halaber, junturak errematatuko dira, eta urak behar bezala husteko lanak egin.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).