Antza denez, Izagirre eta berarekin batera hil zituzten beste gudari batzuk Derioko hilerrian lurperatu zituzten, eta handik 15 urtera hezurtegi orokorrera bota. Baina, Santxoren ikerketa-lanari esker, familiak jakin izan du Izagirreren hezurrak lehenago sartu zirela Aspiuntza Bilboko familiaren panteoian. Azaldu den moduan, harremana zegoen familia bien artean eta Aspiuntza sendiak baimena eman du hilobia irekitzeko. Hura atzo zabaldu zen eta hilerrian batu ziren, besteak beste, Izagirreren senideak, Iñigo Gaztelu Larrabetzuko alkatea eta Derioko ordezkariak. Aspiuntza familiako panteoian 19 lagun zeuden lurperatuta eta Aranzadiko kideek haietako hiruren gorpuzkiak hartu dituzte egiaztatzeko Izagirrerenak diren.