Udako egitasmoen balantze positiboa egin du Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 16a, 11:49

Derioko Udalak jakinarazi duenez, sei eta 12 urte bitarteko 784 umek hartu dute parte udalekuetan eta kirol anitzeko campusean. Gainera, guztira 15.796 lagunek erabili dituzte estali gabeko igerilekuak. Hortaz, udalak oso balantze positiboa egin du udan martxan ipinitako hiru egitasmoei buruz.

Udalak azaldu duenez, pandemiari aurre egiteko murrizketak direla eta, aldaketak egin behar izan dira udalekuetan eta kirol anitzeko campusean, haurren eta langileen osasun-segurtasuna bermatzeko. “Baina udalak ez du zalantzarik izan aisialdiko ekimen horiek egokitzeko, udalerriko haurrei udako oporraldiaz gozatzeko aukera emateko eta eskola-oporretan lana eta familia bateratzen laguntzeko”. Gune seguruak eta aukerak sortu dira “haurrek beren inguruko adingabeekin harremanak izan ditzaten eta ondo pasa dezaten, trebetasun eta jolas berriak ezagutuz”.

Bestalde, estali gabeko igerilekuen funtzionamenduan ere eragina izan du koronabirusak eragindako osasun-krisiak. Edukiera % 50 mugatu da (300 pertsona) eta, iaz moduan, hitzordua hartzeko sistema ezarri da. Gainera, uztailean beste ordu-tarte bat ezarri zen lehen orduan, bakarrik igerilarientzat.

Azkenik, udalak gogora ekarri du udan ere publiko guztientzako kultura- eta aisialdi-jarduerak antolatu dira, hala nola zinema, irteerak eta musika.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).