Herritarrek proposatutako hiru proiektu sartu dira Derioko partaidetza-aurrekontuak bozkatzeko fasean

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 22a, 14:18

Derioko Udalak jakinarazi duenez, aurten 75 proposamen jaso dira 2022ko partaidetza-aurrekontuen harira, eta erakundeak haietako hiru aukeratu ditu proposamenen bideragarritasuna aztertu ostean: jolas-gune berria Uribe parkean (100.000 euro), kirol-anitzeko pista berria Ganben (40.000 euro) eta Ugaldeguren industrialdeko enpresen seinaleak eta helbideratzea eguneratzea eta berritzea (15.000 euro). Botazioa irailaren 27tik urriaren 1era egingo da. Bestalde, udalak 120.000 euro gorde ditu egitasmoak martxan ipintzeko.

Botazioan zazpi urtetik gorako edozein derioztarrak hartu ahalko du parte eta lagun bakoitzak boto bat emango du. Horretarako, www.deriokoudala.net webgunean ipiniko den formularioa bete beharko da; nolanahi ere, ezagutza nahikorik edo baliabide digitalik ez duten herritarrek Gertuan herritarrentzako arreta bulegora eta Kultur Birikara jo ahalko dute bozkatu ahal izateko. Emaitzak urriaren 15ean argitaratuko dira udal-webgunean eta udal-taulan. Ondoren, aukeratutako ekimenen jarraipena eta kontrola egingo da, 2020ko aurrekontu-proiektuan sartu eta gauzatu arte.   

Udalak azpimarratu du “partaidetza-faseek ondo funtzionatzen dutela eta derioztarrek politika publikoan aktiboki parte hartzeko duten borondatea erakusten dutela”. Gainera, gogora ekarri du prozesuan zazpi urtetik 16 urtera bitarteko haurrek eta gazteek parte hartu dutela, Derioko Umeen Kontseiluak eta udalak elkarrekin egindako lanari esker.    

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).