Kaleko argiak berritzen jarraitzen du Derioko Udalak

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 29a, 09:16

Derioko Udalak jakinarazi duenez, hobekuntzak egin dira Urbasa kalean, Larrabarri ibilbidean, Mungialde Etorbidearen atzealdean eta Herriko Plazaren eta Gaztelumendi Plazaren inguruetan, eta hiru helburu izan dituzte: energia-eraginkortasuna hobetzea, berotegi-efektuko gasak murriztea eta, argiztapena handituta, bizilagunen segurtasuna bermatzea. Zehatz-mehatz, 10 argi berri ipini dira, eta 34 argi aldatu dira beren ordez LED bonbilak jartzeko. Udalak 47.668 euroko inbertsioa egin du, eta, lanetarako, 2.700 euroko dirulaguntza jaso du Energiaren Euskal Erakundetik.    

Udalak gogora ekarri du argiak modernizatzeko plana duela hiru urte hasi zuela. Harrezkero 500 argi baino gehiago ordezkatu ditu herriko kaleetan. “Energia-kontsumoari dagokionez, % 50-70 aurrezteaz gainera, Derioko hainbat lekutan argi-kantitate eta -kalitate handiagoa dago. Zalantza barik, hori lagungarria da kalean segurtasun handiagoa egoteko”, esan du Esther Apraiz Derioko alkateak.